2012-03-31
Mendi taldea Ibañetatik Orbaizetako olara
Alde handia dago 15º gradutan ibiltzetik -15º gradu pairatzera. Horrelakoa izan zen diferentzia. Gure asmoa zen ibilaldi hau otsailean egitea, baina orduan negua negu izan zen eta era guztietako alarmak pizturik zeuden parte meteorologikoetan. Martxoko honetan beroa izan genuen, eta hala ere orduko elurrak irauten zuen, eta baten batek ikasi egin zuen zein hotza den elurra oinak eta eskuak hoztu zitzaizkiolako elurretan kontu handirik gabe aritu eta gero. Egoera hori bera -15ºtan dramatikoa izanen zen. Bidea ederra izan zen. Ibañetako oroitarrian talde argazkia egin genuen eta malda gora abiatu ginen Muruzabal, Urdantsaro eta Arlapitzeta Lepoederrera iritsi arte. Hortxe gosaldu genuen, atzean Astobizkar mitikoa genuela. Ordurako entzuna genuen Orreagako guduaren berri kontatu ziguten hor. Han Nafarroako Behereko bi lagunekin topo egin genuen eta euskaraz aritu ginen. Haiek beren mendien izenak erakutsi zizkiguten eta guk bistaratzen ziren Iruñerriko tontorren berri eman genien ordainez. Hortik aurrera Donejakue bidea egin genuen eta herrialde askotako erromesak agurtu genituen. Astobizkar ezkerrean genuen eta Mendittipi eta Txangoa eskuinean. Elizaxarra ohartu gabe pasa genuen eta Arnoztegiko lepoan, Urkulupean, jakin genuen trofeo hura Herkulesek berak eraiki zuela Pirene neska ederraren heriotza gozatzeko. Leienda bitxia basamortuko paraje horietan. Soroluzeko trikuharriak ikusi genituen eta Azpegin bazkaldu. Ordu bat geroaga Orbaizetako ola zaharrean ginen autobusa hartzeko.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment